Zortzinangoa
Ezpataz armatuta eta bi ilaretan antolatuta dauden zortzi gizonen dantza da; ezpatek ez dute berezko funtziorik betetzen ordea. Musikaren erritmoari jarraiki, posizioz aldatuko dira, lehendabizi aurreko lauak eta atzekoak euren artean, ondoren elkarren ondokoen artean eta, aurrerago, lehenengoak hirugarrenekin eta bigarrenak laugarrenekin, horrela taldea hasierakoaren alderantzizkoa den posizioan geratuz. Pausoak eta irudiak errepikatzean, taldea berrantolatu egingo da.
Dantza hau Bizkaiko Durangaldeko Dantzari Dantza izeneko zikloan erakusten den bigarrena izaten da, eta pausoei eta posizio aldaketei dagokienez, ziklo bereko beste hainbat dantzen oinarria izaten da, hala nola Banango, Binango eta Launango dantzena. Gaur egun Abadiño, Berriz, Garay, Iurreta, Izurtza eta Mañarian ikus dezakegu."